Historia

« Itzuli

Torre de Salazar

Antzina-antzinatik bazen, gaur egungo Portugalete dagoen leku berean, bertako portu naturalaren babesean, itsasoko jendea bizi zen herrixka bat; baina Portugaleteko Hiribildua, ofizialki, 1322an fundatu zuen Maria Díaz de Haro andreak, zeina Don Joan Infantearen alarguna eta Bizkaiko Andrea baitzen, hiriari Logroñoko forua ematen zion hiri gutun baten bitartez. Andre Mariak izenpeturiko hiri gutun hori 1432an berretsi zuten, Gaztelako Joan II.aren Berrespen Pribilegioaren bitartez; aurreneko dokumentua galdu egin zen urteak pasata, baina bigarren dokumentu hori gure egunak arte iritsi da.

Bi dokumentu horietan, merkataritzaren eta salgaien garraioaren gaineko onurak ematen zitzaizkien herritarrei, batez ere artilearen eta burdinaren gainekoak, eta baita arrantzaren gainekoak ere. XIV. mendearen amaieran banderizoen gerrak hasi ziren, XIV. eta XV. mendeetan Euskal Herriko bizibidea markatu zutenak. Gerra hauetan,Portugaleteko nobleziari dagokionez, Salazartaren ekinaldiak azpimarratu behar dira. Izan ere, haietxek eraiki zuten beren izena duen dorretxea.1483an Isabel Katolikoa Erreginak bisitatu zuen hiria. Erreginak, bisitaldi harekin, bakera eta elkarbizitzara bultzatu nahi izan zituen oso aspalditik borrokan zebiltzan bandoak eta leinuak, Portugaleteko Forua berresteaz gainera.Portugaleteko portua, Erdi Aroaren amaieraz geroztik, eta Bilboko portuaurrea baitzen, Gaztelako artilea Flandriara ateratzen zen lekua izan zen. Alabaina, Bilbo, XVI. mendetik aurrera, monarkiaren boterean oinarriturik, merkataritza monopolio hori kenduz joan zitzaion.

Hirugarren Gerra Karlistan (1871-1875), Don Karlosen aldekoek setiatu zuten hiria, 1873ko uztailetik 1874ko martxoa arte. Setiatzaileek hartu egin zuten azkenean.

XIX. mendearen bigarren erdian hasi zen Bizkaiko industrializazioa, eta indar handia izan zuen Bizkaiko mendebaldeko meatze eremuetan eta Nerbioi ibaiaren ezkerraldean. Kokagune geografikoak, aldi hartan, Portugaleteko garapen industriala bultzatu zuen, bereziki karlistaldiaren amaieraren ondoren, Don Karlosek gerra galdu zuenean.
Industrializazio lasterreko aldi honen adibide bat emateko, 1888an Bilbo-Portugalete burdinbidea inauguratu zela aipa genezake, edo nola 1891-1893 bitartean eraiki zen Portugaleteko Zubia edo Palacio Zubia (diseinatu zuen ingeniariaren izenetik, Alberto del Palacio y Elissague), Zubi Zintzilikaria edo Bizkaiko Zubia ere deitzen zaiona. 1.893an jarri zen abian, eta bere garaian, munduko lehen zubi zintzilikaria izan zen.
XIX. mendearen amaieran, bere indianoek eta bizkaitar burgesiako magnateek aberasturik, egoitza leku eta modako turismogune ezaguna bihurtu zen, bere hondartzengatik ( gaur egun desagertuak dira ) eta bainuetxearengatik famatua.
XIX. mendearen bukaeraz geroztik, eta industrializazioaren ondorioz, asko hazi zen Portugaleteko biztanleria, eta, era horretan, 1.910. urtean zeuzkan 5.000 biztanle pasatxotik 57.000 biztanle izatera pasatu zen XX. mendeko 70 urteen bukaeran. Une horretatik aurrera, biztanleriaren kopurua bere horretan egon da, apur bat beheraka eginez, gaur arte.
XIX. mendean zehar Ezkerraldeko erdigune erabakigarria, merkataritzagunea eta aisiagunea izan da Portugaleteko hiria. Gaur egun, lanerako hiri egokia da bertakoentzat eta hiri erakargarri bat bisitarientzat, izan ere, multzo historiko eta monumentala guztiz interesgarri bat baitu.

Banners